Kooperatibak dira gizartean osperik onena duten enpresa sozietateak.

 

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak pertzepzio-ikerketa bat

aurkeztu du, «Elkarrekin hobeto berreraiki» goiburupean bihar

ospatuko den Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta.

Kooperatibismoak bere burua aldarrikatzen du bidezko susperraldia

lortzeko eredu gisa.

Bilbo, 2021eko uztailaren 2a. Enpresa kooperatiboaren balioak sendotu egin dira urtebeteko

pandemiaren ondoren. Honako mezu hau luzatu dute Euskal Kooperatiben Mugimenduak eta Eusko

Jaurlaritzako Lan Sailak, bihar, uztailak 3, ospatuko den Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta: «Gaur, inoiz baino gehiago, pertsonak protagonista dituen eta guztion ongia xede duen eredu ekonomikoa behar dugu. Krisialdi honetatik hobeto irten nahi badugu, lankidetzan jardun behar dugu». Hona hemen egun horretarako aukeratutako goiburua: «Elkarrekin hobeto berreraiki».

Ospakizun horren testuinguruan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak (CSCE-EKG)

kooperatibismoaren inguruko pertzepzio-ikerketa bat aurkeztu du. Horren arabera, kooperatibak dira

euskal gizartean osperik onena duten enpresa-sozietateak.

Ildo horretan, kooperatibek ekonomia- eta gizarte-berreraikuntzan bete beharreko eginkizuna

nabarmendu dute gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena

Pérez Barredok, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakari Patxi Olabarriak eta Euskadiko

Kooperatiben Konfederazioko (KONFEKOOP) lehendakari Rosa Lavínek.

“Oso urte gogorretik gatoz, eta zalantzazko uneetan jarraitzen dugu. Zeregin asko dago oraindik aurretik.

Baina bada ikusi dugun zerbait: kooperatibak beste enpresa mota batzuk baino erresilienteagoak izan

direla. Aurre egiten jakin dute eta irteteko hobeto prestatuta daude”, adierazi du Lan-sailburuordeak.

Pérez Barredok nabarmendu duenez, bestalde, “honelako egoeretan inoiz baino garrantzi handiagoa

hartzen du erakundeak eta gizarte-eragileak elkar hartuta egoteak”.

Honela mintzatu da CSCE-EKGK-ko lehendakari Patxi Olabarria: «Euskal Herriak nazioarteko erreferentzia

izaten jarraitzen du eredu kooperatiboari dagokionez, eta agerian utzi du, zailtasunak zailtasun, hazten

jarrai daitekeela».

CSCE-EKGK-k egindako pertzepzio-ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu Olabarriak. Kooperatibismoaren eta kooperatiben inguruan telefonoz egindako 650 inkestaren bidez osatu da ikerlana, eta gai hauek ukitu ditu, besteak beste: zenbateraino ezagutzen den kooperatibismoa gizartean, zer irudi duten kooperatibasozietateek eta zer enpresa-motak duen osperik onena. «Ondorio nagusia hauxe da: kooperatibak dira gizartean osperik onena duten enpresa-sozietateak, eta pozik eta harro sentiarazten gaitu horrek»,azpimarratu du.

Kooperatibismoaren irudi ona berretsi egiten da hurbiltasun-sentimenduari esker. Izan ere, inkesta egin

duten pertsonen % 66k kooperatiba batean lan egiten duen senide edo lagunen bat du. Gainera,

kontzeptu eta balio esklusibo batzuk egozten zaizkie kooperatibei, hala nola aberastasuna partekatzea

(% 79,7), pertsonen parte-hartzea (% 78,5) eta langileen konpromisoa (% 60,2).

Bestalde, ezaugarri jakin batzuk kooperatibekin lotzen dira gainerako enpresekin baino gehiago:

elkartasuna, gardentasuna eta pertsonak erdigunean kokatzea. Horri esker, gomendio-indize hobea dute

kooperatibek lan egiteko leku gisa, kalitateko enpleguarekin lotuta baitaude.

Nekazaritza- eta etxebizitza-kooperatibak dira gehien ezagutzen direnak; hala ere, adibide zehatz batzuk

aipatzeko orduan, galdetutako gehienek lan elkartuko kooperatibak aipatu dituzte, hau da, industriakoak, eraikuntzakoak eta zerbitzuetakoak. Hona hemen kooperatibarik ospetsuenak, ikerketaren arabera: Mondragon Taldea, Eroski, Fagor, Irizar, Laboral Kutxa, Ulma, Orona, LagunAro, Maier eta Danobat.

CSCE-EKGK pozik azaldu da euskal kooperatibek duten irudi onaz, eta erronka hauek iragarri ditu:

«Kooperatibismoa bere dibertsitate osoan aintzatestea eta gazteen artean ezagunagoa izatea», baita

kooperatibismoarekin lotzen diren ezaugarriak —kalitatea, jasangarritasuna eta aukera-berdintasuna—

sendotzea ere. Kooperatiben Nazioarteko Eguna.

Era berean, Kontseiluak zoriondu egin ditu kooperatibetan jarduten duten pertsona guztiak, «etorkizun

hobea lortzeko ekarpena» egiten baitute. #CoopsDay edo Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta,

egungo krisialdiaren ostean bidezko susperraldia lortzeko beharra aldarrikatu dute parte-hartzaileek,

kooperatibek emandako erantzun demokratikoa, partaidetzakoa, arduratsua, pragmatikoa eta solidarioa

azpimarratuz. «Balio horiek egiten gaituzte erresiliente; horiei esker, Euskadiko kooperatibek hobeto

eusten diote krisiari, benetako irtenbide bihurtzen dira eta izaera antiziklikoa erakusten dute», azaldu du KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavínek.

Haren hitzetan, kooperatibismoa sustatzen, babesten eta bultzatzen jarraituko du KONFEKOOPek.

Etorkizuneko erronkak ere aipatu ditu: erroka teknologikoak, sozialak, zaintzaren arlokoak, eta

energetiko-klimatikoak. Gai horren inguruan esan duenez, «gure balioak lagungarri izango dira Euskadi

aurreratuago, konprometituago eta solidarioago bat eraikitzeko».

Kooperatiben Nazioarteko Eguna 1923an ospatzen hasi zen Nazioarteko Kooperatiba Aliantza (ACI). Dena den, Nazio Batuen Erakundeak 1995ean erabaki zuen eguna modu ofizialean uztaileko lehen larunbatean ospatzea. ACI munduko gobernuz kanpoko erakunderik handienetako bat da: 3 milioi kooperatiba eta 1.000 milioi kooperatibista baino gehiago hartzen ditu barne. Munduko biztanleriaren % 12 eta biztanle okupatuen % 10 biltzen ditu ACIk.