Euskal Kooperatibismoaren Historia

“Euskal Kooperatibismoaren Txostenaren” laburpen eta ondorioetatik ateratakoa. Txosten hau CSCE-EKGK-k bultzatuta, LKSk egin zuen 2000. urtean.

Borondateak elkartzea da arazoak konpontzeko modurik onena, eta kooperatibek funtsean horixe dira: giza lankidetzaren adibide bat premiak asetzeko, eta hori enpresa baten kudeaketaren eta antolaketaren bidez. Bere 150 urteko historian zehar, sozietate edo baltzu hauek garbi erakutsi dute, lankidetzari esker, garapen-aukera handia duela jendeak, eta gainera bere gizarte, ekonomi eta kultur ingurunea eraikitzen eta hobetzen laguntzen duela. Eta jende-elkartze bat den aldetik, bere nortasun berezia du, merkataritza-enpresa klasikoengandik bereizten duten hainbat balio eta printzipioren ondorioz. Oinarri komun hauen gainean, kooperatibak jarduera-sektore guztietan daude, munduko bazter guztietan, kultur, etnia edo erlijiozko desberdintasunen gainetik.

Filosofia kooperatiboa XIX. mendearen erdi aldera sortu zen Europan, industri iraultzak gizartean eragindako desberdintasun sakonen ildotik, eta hasiera hartan helburu hau zuen garbi: giza eta gizarte-dimentsioa ematea enpresari, garai hartan lana alienazio-faktore bat baitzen pertsonarentzat. Aurretiaz ere esperientziak izan ziren arren, ondorengo adierazpen kooperatiboen inspiratzaile eta eredua ehule ingeles batzuena izan zen: “Rochdale-ko Aitzindari Zuzenek” eratu zuten lehenengo kontsumo-kooperatiba. Bertako merkatarien gehiegikeriekin aspertuta, gizon-emakume haiek batu egin ziren beren kontsumoa eurek kudeatzeko, eta horrela kalitatezko ondasunak bidezko prezioan lortzeko; haiek ezarri zituzten, beraz, kooperatiba modernoen oinarriak, printzipio eta balio kooperatiboak zehaztuz eta finkatuz.

Elkartze-formula xume honek aukera ematen zuen bazkide guztiek berdintasunean parte hartzeko enpresaren kudeaketan, eta pixkanaka Europan zehar zabaldu zen, zapalkuntza-egoera bertsua bizi baitzuten langileek eta klase baztertuek. Honela industri kooperatibismoa sortu zen Frantzian, kredituarena Alemanian, baita nekazaritza, zerbitzu, etxebizitza, osasun eta beste arlo batzuetako kooperatibak ere. Sozietate hauen oinarri teorikoak Robert Owen, Charles Fournier, Claude-Henri Saint-Simon, edo Louis Blanc pentsalariek ezarri zituzten, lankidetzaren printzipioak zehaztuz. Pixkanaka, elkarri laguntzea jendearen bizitzako eremu guztiak kudeatzeko erarik onena bihurtzen zen, eta esperientzia kooperatiboak arrakastaz hedatu ziren ase gabeko giza premiak zeuden arlo guztietara. Erakundezko arloan, azpimarratzekoa da Nazioarteko Kooperatiba Aliantza (I.C.A.)ren sorrera.

Euskadin kooperatibismoa XIX. mendearen bukaera aldera azaldu zen, eta lehenengo kontsumo-kooperatibak Bilboko Labe Garaiak bezalako industria handien inguruan sortu ziren. Gero, ideario kooperatiboa ekonomiaren sektore guztietara aplikatzeko bideak ireki ziren, betiere bazkideen bizi-kalitatea hobetzeko helburu komunarekin. Euskal kooperatiben mugimendua hainbat ideologiatan oinarritu zen, eta garrantzitsuenak katolikoak, sozialistak eta nazionalistak. Euskal Herrian Alfa izan zen 1920ko hamarkadan lan elkartuko kooperatibismoaren lehenengo adierazpena, eta kooperatibismo-mota hauxe da gehien sustraitu dena euskal gizartean; gero, Arrasateko Esperientzia jaio zen 1957an, gaur egun euskal kapitala duen lehenengo enpresa-taldea(M.C.C.), eta nazioarte-mailan gehien aztertzen den ereduetakoa, bere gizarte- eta enpresa-emaitza arrakastatsuengatik. Euskal kooperatibismoaren azken aldiko historia Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak mugimendua integratu eta egituratzeko egin duen ahaleginak markatzen du; Kontseilu honek, 1982an sortu zenetik, euskal kooperatiben garapena eta modernizazioa sustatu eta bultzatzeko lan egin du.

 

El cooperativismo vasco hoy

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren WEB gunean (www.juslan.ejgv.euskadi.net), 2006ko (2004/2006 Biurteko) Gizarte Ekonomiaren estatistikari buruzko txostenak daude argitaratuta, baita 2007ko emaitzen aurrerapena ere.

Eginkizun dago kooperatiba-sektoreari buruzko txosten gaurkotua.

Instituzio arloan, azpimarratzekoa da 2005ko ekainean sinatutakoLankidetza-akordioa, Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiaren eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren artekoa, Euskal Herriko ekonomia eta gizartearen garapen iraunkorraren alde egiteko sinatzaileok, lankidetza arloetan arituko direla, azaltzen dutelarik.

 Kooperatiba-erroldari buruzko datu gaurkotuak kontsultatzeko, jo ezazu Ekintzen Oroitidazkiko estatistika-eranskinetara.